Ogasun eta Administrazio Publikoetako Ministerioa Ministerioa Estatuko Administrazio Nagusiko departamentua da, eta Gobernuaren ekonomia-politikaz, eta, batez ere, ogasun publikoarenaz, aurrekontuez, gastuez eta enpresa publikoen arauak eta neurri orokorrak proposatzeaz zein abian jartzeaz arduratzen da. Apirilaren 17ko (18ko EAO) 553/2004 Errege Dekretuaren bidez sortu zuten. Egitura organikoa ekainaren 25eko (26ko EAO) 1552/2004, otsailaren 4ko (5eko EAO) 120/2005, ekainaren 24ko (25eko EAO) 756/2005 eta martxoaren 10eko (14ko EAO) 288/2006 errege dekretuen bidez garatu zuten.
Egungo osatze prozesu historiko luze baten ondorio da, gure erakundeak herrialdeko errealitate sozio-politikora eta ekonomikora egokitu behar izan direlako. Organo modernoa eta dinamikoa da, eta 1705 urteaz geroztik bildu duen esperientzia zabalari esker, etorkizunari begira dago. Horretarako, birmoldaketa askori aurre egin behar izan die, eta orain, lehengo bi ministerioren fusioa da: alde batetik, Ogasunekoa, Espainiako ministerioen antolakundean tradizio handia duena; bestetik, Ekonomiakoa, herrialdeko eta nazioarteko egoera ekonomiko txarretako beharrei erantzuteko sortu zutena. Hauek dira bere historia luzeko pasadizo batzuk.
DEPARTAMENTUAREN ERRO HISTORIKOAK: OGASUN MINISTERIOA
Borboien administrazioak sortu zuen Ogasun Ministerioa, XVIII. mendean. Austriako Etxearen erregealdian zehar, finantza sistema krisi larrian sartu zen, eta, ministerio hori sortuz, horri konponbidea eman nahi zioten; gainera, horrela Espainiako lehengo erresumak zentralizatzeko tresna bat eskuratzen zuten.
Errege Ogasunaren sistema zenbait erakunderen bitartez egituratzen zen, horietako batzuk Gaztelako koroaren menpe, eta, gainerakoak, Aragoiko koroaren menpean. Gaztelako koroak honako erakunde hauek zituen: Ogasun Kontseilua, 1523an sortu eta 1658an zeharo aldatu zena; Kontularitza Nagusia, 1476an sortua; eta Ogasun Superintendentzia Nagusia, 1687an sortua. Aragoiko Koroak honako erakunde hauek zituen ardurapean: Baile General izenekoa eta Gorteko Maestre Racional izenekoa. Kasu batean zein bestean, XVI. eta XVII. mendeetan zehar, horietako bana zituzten Aragoiko Koroa osatzen zuten erresumek.

Ogasun Ministerioa, 30eko hamarkadan
Ondorengotza Gerratearen ondorioz, Kataluniako eta Aragoiko erakundeak kendu zituzten, 1707 eta 1716 bitartean; eta horien eskuduntzak Gaztelako estiloko erakundeen esku geratu ziren. Hala, nabarmentzekoa da XVIII. mendearen hasieran indarrean jarraitzen zuten ogasun erakunde tradizionalak Gaztelakoak zirela: Kontseilua, Kontularitza eta Superintendentzia.
Alabaina, Gaztelako eredu tradizional hori ez zebilen nahi bezain ongi, batetik, berezko antolaketa egiturarengatik, eta, bestetik, Koroako errentak oso egoera larrian zeudelako. Hain zuzen ere, XVII. mendean zehar, errenta horietako asko partikularrei alokatu zizkieten, eta, horrela, errege altxorraren diru sarrerak txikitu ziren.
Intendente Nagusia
1705ean, Bulego Unibertsaleko bi idazkaritza sortu zituzten: bata, Gerra eta Ogasun gaiez arduratuko zen, eta, bestea, Monarkiari zegozkion gainerako gaiez. Hain zuzen ere, horixe izan zen egungo gobernu sistemaren jatorria.
1714an, idazkaritza kopurua handitzea erabaki zuten. Harrezkero, Estatu Idazkaritza, Eliz Gaietarako Idazkaritza, Justizia eta Kontseiluen Jurisdikzio Idazkaritza, Gerra Idazkaritza, Indietako Idazkaritza, Itsas Idazkaritza eta Ogasun Idazkaritza jarri ziren indarrean. Aurreneko bosten arduraduna Estatu eta Bulego Idazkaria zen, eta Ogasun Idazkaritza Ikuskaritza Nagusiko Intendente Unibertsalaren ardurapean zegoen (egungo Ogasun Ministro karguaren jatorrizko izendapena). Bereizketa horrek ez zuen luze iraun, ordea, eta 1716. urtean desagertu zen. Une horretatik aurrera, Ogasun negozioak Justiziako eta Indietako gaiei loturik joango ziren.
XVIII. mendean abian jarritako erreforma sozial eta politikoek finantza sistema sendo baten beharra zuten —Koroako errenten alokairu sistemarekin bateraezina— bai eta mekanismo burokratiko egokia ere. Horretarako abian jarri zen prozesu luzeak ia mende osoan zehar iraungo zuen.
Fernando VI.aren erregealdian zehar, prozesu luze bat abiatu zen, errenta eta zerga nagusien zuzeneko administrazioa berreskuratzeko; ondorioz, Ogasun publikoaren ondarea berregin zen. Horren eraginez, 1754an, Estatuko eta Ogasuneko Bulego Unibertsaleko behin betiko Idazkaritza sortu zen, Penintsulan Koroaren errentak administratzeko eta kontrolatzeko organo nagusia. Une horretan, itsasoz haraindiko jabetzak Estatu Idazkaritzaren eta Indietako Bulegoaren ardurapean zeuden.
Superintendentzia Nagusia
1754ko Dekretuak burokrazia sendoa sortzea ekarri zuen. Estatu Idazkaritzak, organo zuzendari gisa, Austriako monarkiaren ondorengo erakundeekin batera jarduten zuen. Erakunde horietatik, Errege Ogasuneko Superintendentzia Nagusia zen bigarren organo nagusia; horren menpean, Errenta Orokorren Zuzendaritza zegoen, Koroaren errenta emankorrenak administratzeko organoa: aduana eskubideak eta tabakoaren, gatzaren eta berunaren errege estankoetatik eratorritako eskubideak, beste batzuen artean.
Erakunde horiek guztiak nahiko independenteak ziren; izan ere, zuzendaritza nagusiek gaur egungo erakunde autonomoek bezala jarduten zuten. Menpetasun organikoa oso txikia zen, beraz.
Estatu Idazkaritzaren eta Ogasun Superintendentziaren artean sor zitezkeen eskuduntza gatazkak ekiditeko, pertsona bakarra izendatu zuten bi erakunde horiek zuzentzeko: Estatu Idazkaria. Dena den, biak ere organo sendoak dira. Horren adierazgarri dugu Koroaren hiri nagusietan hainbat jauregi eraiki zirela, erakunde horietako langileei ostatu emateko.
Ildo berean, zenbait aduana eraiki ziren: Valentziakoa (egun, Valentziako Erkidegoko Auzitegi Nagusia), Bartzelonakoa, Malagako eta Madrilekoa (egun, Ogasun Ministerioa). Horiek guztiak garrantzi handiko arkitektura proiektuak izan ziren, eta Fernando VI.aren, Karlos III.aren eta Karlos IV.aren erregealdietan zehar burutu ziren.

Ogasuneko Umezurtzen eskolako haurrak (1927)
Zerga bakarra
1754tik aurrera, Errenta Orokorren Zuzendaritzak zerga eta errenta nagusiak kontrolatzearen ardura hartu zuen; aduana zerga eta zerga probintzialak kontrolatzen zituen, bereziki.
Zuzendaritza horretatik, Ogasun Estatuko Idazkari Ensenadako Markesak bultzaturik, Gaztelarako katastro orokor bat sortu zuten, zeharkako zerga ugariak eta zuzeneko kontribuzio urriak zerga bakar batean biltzeko. Zerga bakarreko sistema hori ez zen berria, lehenago ere, Felipe V.aren erregealdian zehar, Aragoiko Koroako lurraldeetan ezarri baitzen. Proiektuak porrot egin bazuen ere, programa oso bat finkatu zen, eta ministerioko ondorengo titularrek aurrera eraman zuten.
Karlos IV.aren erregealdian zehar, Espainian krisi ekonomiko larria gertatu zen; gainera, Frantziako Iraultzaren ondorioz, Europan nagusitu zen ezegonkortasun politikoak krisi hori areagotu egin zuen. Eta horrek bat-bateko eragina izan zuen Administrazioaren antolaketan. 1790ean, Estatuko eta Indietako Bulego Unibertsaleko Idazkaritza desagertu zen. Amerikako zergei dagozkien gaiak Ogasun Idazkaritzan txertatu ziren, eta, harrezkero eta 1836ra bitartean, aldi jakin batzuetan izan ezik, sailaren barnean bi hazienda eremu sortu ziren: Espainia eta Indiak.
Gerra gatazkak
1793. urtean hasi eta 1845era arteko aldian, Espainian hainbat gerra gatazka gertatu ziren. Horrek bat-bateko eragin ezin okerragoa izan zuen Koroaren finantza sisteman, eta Amerikako jabetzen independentziak areago okertu zen egoera hori. Gerra aldi horrek XIX. mendearen amaierara arte iraun zuen. Baliabiderik ezak zor publikoa handitzea ekarri zuen, eta, hura ordaintzeko, hainbat irtenbide bilatu behar izan zituzten:
- Errege baleen igorpena
- Fernando VII.aren erregealdian zehar, zor publikoa finkatu zuten, porrota saihesteko.
- Ohiz kanpoko baliabide bat erabiltzea (jesapena), kreditua lortzeko ohiko baliabide gisa.
- Kreditu politika fiduziario bat ezartzea, Ogasun publikoa sustatzeko; prozesu horren amaieran, Espainiako Bankua sortu zen.
- Desamortizatzeko politika bat abian jartzea. Prozesu hori Karlos IV.aren erregealdian abiatu zen, eta 1835ean amaitu, Mendizabalen ministerioaren ardurapean; ondoren, 20 urte geroago, Madozek jarraipena eman zion.
- Zorra finkatzea eta defizita kontrolatzeko aurrekontu sistema bat ezartzea; Martin de Garaik sortu zuen sistema hori, eta Lopez-Ballesterosek finkatu zuen, 1827tik aurrera.

Ogasun Ministerioa zabaltzeko eraikina eraikitzeko lanak (1943/44)
Bi Ogasun Ministerio
Esandako guztiak eragin organikoa du. 1795ean Ogasun Superintendentzia kendu, eta Estatuko eta Bulegoko Idazkaritzak bere gain hartu zituen horren funtzioak. 1808 eta 1814 bitartean, bi Ogasun Ministerio izan ziren aldi berean: bata, josefinoa; bestea, borboiena. Biek abian jarri zituzten neurriak indarrean egon ziren XIX. mende osoan zehar.
Fernando VII.aren erregealdian, 1816an eta 1824an, idazkaritza berregituratu zuten, Ogasun publikoa gerrak eragindako egoera larritik ateratzeko tresna bat garatzeko. 1824ko erreformaren eraginez, Altxorraren Zuzendari Nagusia sortu zuten, ondasun publikoak birbanatzeko.
1834an, Estatuko Administrazio Nagusia berregituratu zuten. Ahalmen judiziala eta administratiboa bereizi, kontseiluak kendu, eta, horien ordez, Auzitegi Nagusiak sortu zituzten. Estatu Idazkaritzak berrantolatu egin ziren: Idazkariordetza bat dago, oinarrizko organo administratibo gisa; eta zenbait zuzendaritza nagusi, organo tekniko-administratiboak direnak. Azken horiek independenteak izan ziren, helburuak eta interesak ezartzeko.
1836an, Indietako Ogasunaren ardura zuten bulegoak desegin zituzten. Une horretan, Amortizazio Zuzendaritza Nagusia sortu zuren, egungo Estatu Ondarearen Zuzendaritza Nagusiaren antzinako aurrekaria. Estatuak eliz desamortizazioaren eraginez eskuratutako ondare berria administratu zuen.
Zerga erreforma
Isabel II.aren erregealdian zehar gertatu zen prozesu konstituzionalista geldiezinak Ogasun publiko osasuntsu baten premia larria zuen, aberastasuna sortzeko eta goraka zihoan burgesiari egonkortasun politikoa bermatzeko. 1845ean, alderdi moderatua agintera iristearekin batera, zerga erreforma abiatu zen, Estatuko eta Bulegoko Idazkari Alejandro Monek egindako ahalegin handiari esker.
Zerga erreformak Antzinako Erregimeneko zerga sistema konplexua desagerraraztea eragin zuen; hala, sistema hori erabat erraztu zen: lehenbiziko aldiz, zuzeneko zergei garrantzia eman zieten, eta, bestetik, zeharkako zergak murriztu zituzten. Horrela, etengabeko erreformako ogasun dinamika abiatu zen. Gaur egun ere, dinamika horrek aurrera jarraitzen du: Ogasun Ministerioa erakunde bizi-bizia da, eta gero eta errazago egokitzen da une bakoitzean nagusi den errealitatera.
Monen erreformak egitura organiko berri bat ekarri zuen, egoera berrira egokitzeko. Hori ez ezik, saila egungo egoitzara —Aduanako Errege Etxearen eta Errenta Orokorren Bulegoaren eraikinera— eramatea ere eragin zuen. Idazkaritza eta Errenten eta Altxorraren zuzendaritza nagusiak zentralizatu eta bildu beharrak eragin zuen aldaketa hori; izan ere, aurrez azaldu dugun bezala, zuzendaritza nagusiak oso autonomoak ziren Idazkaritzarekiko.
Ministerioa
Teknikaren eta zuzenbide fiskalaren aldetik, Ogasun modernoa ezarri zuena Mon izan bazen ere, Bravo Murillok (Ogasun arduraduna 1849 eta 1850. urteetan) bihurtu zuen Ogasuna Estatuko Administrazio Orokorraren oinarrizko zutabe.

Puerta de Sol (1852)
Izan ere, Bravo Murilloren agintepean aldarrikatu zuten 1850eko Kontabilitate Legea. Ministerio terminoa finkatu zuen, ordura arte erabilitako Estatuko eta Bulegoko Idazkaritza terminoaren ordez. Saila antolatu zuen, izaera burokratikoko eredu moderno bati jarraituz. Ministroak zuzendari orokorren gainetik zuen agintea sendotu egin zen. Ogasun Publikoan klasiko bihurtu ziren hainbat erakunde finkatu zituen; esate baterako, zenbait zuzendaritza orokor: Zerga Zuzenen eta Zeharkako Zergen idazkaritza, Kontabilitate idazkaritza —gaur egungo Estatuko Kontu Hartzailetza Orokorraren aurrekaria—, Zorraren idazkaritza, bai eta Auzien idazkaritza ere.
Horretaz gain, Bravo Murillok Gordailu Kutxa Orokorraren sorrera ere bultzatu zuen. Estatuak bankuekiko menpetasun handia zuen jesarpen berriak lortzeko; beraz., menpetasun horri aurre egiteko diseinatu zuten erakunde hori hasieran. Baina erakundeak ez zituen lortu espero ziren helburuak
Bravoren agintepean, nazioaren zerga baliabideak behar bezala babesteko eta administratzeko alderdi guztiak aztertu zituzten. Bravo Murillok egindako erreforma organikoek eta burokratikoek ia XIX. mendearen bukaera arte iraun zuten. Hala ere, zehatz-mehatz probintzietako antolakuntzari —antolakuntzarako ezinbesteko zuten autonomia kendu egin zieten probintzietako Ogasunei 1849 eta 1881 bitartean— eta ogasun arazoei dagokienez, haren lanek ez zuten hainbesteko arrakasta izan.
Herrialdearen garapenak, batetik, eta XIX. mendean zehar gertaturiko finantza krisietatik behin betirako ateratzeko beharrak, bestetik, ekonomia eta zerga erreforma berriak eragin zituzten, Figuerola (1869), Navarro Reverter (1895) eta Fernandez Villaverde (1902-1903) ministroen agintepean. Erreforma horiek, Espainian izandako kodetze prozesuaren amaierarekin batera, erreforma organiko berriak eragin zituen Ogasun Publikoan, bai eta izaera burokratikoko egitura berri bat sendotzea ere.
Aurrekontu eta gastu kontrola
Estatuko Kontu Hartzailetza Orokorra 1873 eta 1878 bitartean instituzionalizatu zuten. 1881ean Estatuko Abokatuen Taldea sortu zuten, prozedura ekonomiko-administratiboa administrazio eta zuzenbide ordenamenduan finkatu zen garaian. Urte horretan bertan, Ogasun Publikoaren Ikuskaritza Orokorra eratu zuten, probintzietako kudeaketa ekonomikoa hobetzeko. Berehalako eragina Ogasun Ordezkaritzak sortzea izan zen.
Fernandez Villaverdek zerga erreformarako administrazio egitura egokia prestatu zuen 1902 eta 1903 bitartean ezarri zuten. Bestalde, zuzendaritza orokor bakoitzak berariazko erregelamendua zuen. 1906an, berriz, Moret ministroak —Aurreproiektua idazteaz arduratzen zen Jose Echegaray Batzordeko presidentearen laguntzaz— sustaturiko Partzelen Katastro Legea onetsi zuten, eta horrekin zerga zuzeneko sistema sendotzeko prozesuak asko egin zuen aurrera. 1911n Ogasunaren Administrazio eta Kontabilitate Legea onetsi zuten, aurrekontuak eta gastu publikoa kontrolatzeko sistema guztiaren ardatza izango zena.

Nazioarteko Eukaristi Kongresua (1911)
1902-1903ko administrazio egiturak ia 1957raino iraun zuen indarrean. Epe horretan gertatutakoen artean, aipatzekoa da Ogasun Ministerioa ezabatu egin zutela 1923 eta 1925 bitartean, Primo de Rivera buru zuen Direktorio Militarrak ezarritako egituraren ondorioz.
Bigarren Errepublikaren garaian, zenbait erreforma organikori ere ekin zieten. Auzitegi Ekonomiko-Administratibo Zentralaren sorrera da azpimarragarriena. Hala ere, 1936-1939 bitartean gertatutako tragedia —hots, Gerra Zibila— da aldi horren guztiaren ezaugarri nagusia.

Azaña Presidenteak eskainitako afaria, Ogasun Ministerioko sotoetan (1937)

Preso italiarrak, Ogasun Ministerioko sotoetan (1937)

Defentsa Nazionalerako Kontseiluaren eraketa (1939)
Gerra gatazkak iraun zuen bitartean, Ogasun publikoa gerra irabazteko behar ziren funtsak biltzeko tresna bihurtu zen. Errepublikarrek Ogasun eta Ekonomia Ministerioa sortu zuten, 1937an. Nazionalek, berriz, 1936tik aurrera, zenbait erakunde —zerbitzu nazionalak eta batzordeak— sortu zituzten, beharren arabera. Horiek guztiak Ogasun Batzordean bateratu zituzten, 1936an bertan, eta Ogasun Ministerio bihurtu zuten 1938an.
Gerra amaitu eta gero, egokitze prozesua izan zen administrazio frankistan. Ministerioak osatzen zituzten zerbitzuek zuzendaritza orokor izaera berreskuratu zuten. 1902-1903ko egitura organikoa ere berrezarri zuten.
1957an aldaketa garrantzitsuak egin zituzten Ministerioan, ekonomia autarkia atzean uzteko eta burokrazia antolakuntza zaharkitua —gerrak erabat eragindakoa— alde batera uzteko. Urte horretan administrazio erreformari ekin zioten, eta horren bidez Gobernuaren funtzionamendua sendotu zuten, bai eta Idazkaritza Orokor Teknikoen figura ere.
Zerga zuzenak

Administrazio Informazioko bulegoa (60ko hamarkada)
1957 zerga erreforma berriaren urtea ere bada. Erreforma horren helburuak honako hauek ziren: errenta nazionala handitzea eta herrialdea Gerra Zibilaren ondorengo egoeratik behin betiko ateratzea. Erreforma horretarako, Ogasunak modernoa, sinplifikatua eta eraginkorra izan behar zuen. 1959an Altxor eta Gastu publikoen Idazkariordetza sortu zuten. Erakunde hori Estatuaren finantza baliabideak kontrolatzeaz eta Aurrekontuak egiteaz arduratzen zen. Garai horretan hasi ziren administrazio prozesuak mekanizatzen, eta hori izan zen zerga informatikaren hasiera. Zerga ikerketa eta informazio zerbitzuak sustatu egin zituzten.

Salmenta eta Ondare Erregistroa (1965)
Mariano Navarro Rubio ministroak sustaturiko egonkortze planaren ondorioz, 1963 eta 1964 bitartean Zerga Lege Orokorra eta Zerga Sistemaren Erreformarako Legea onetsi zituzten, eta ogasun erreforma prozesuari amaiera eman zioten. Zerga berriak sistematizatu zituzten (errentaren gaineko zerga eta enpresa trafikoaren gaineko zerga). Horrek Ogasuneko teknikari taldeetan erreformak egitea ekarri zuen, teknikariak zerga sistema berrian espezializatzearren. Herstura ekonomikoko planak (1967) erreforma berriak eragin zituen: Ministerioaren egitura sinplifikatu zuten, Altxor eta Gastu Publikoen Idazkariordetza ezabatuz.

Datu grabaketa. Zerga informatikaren hasiera (1967)
1978ko Konstituzioa
1968an etengabeko berriztatze prozesua hasi zen. 70eko hamarkadan Ogasun Administrazioak teknifikazio prozesua izan zuen. 1973 eta 1976 bitartean, gaur egungo Ogasunaren zutabeak jarri zituzten. Urte horietako zerga erreformarako proiektuek eta 1977an aldarrikaturiko legeek (hau da, Aurrekontu Lege Orokorra eta Zerga Erreformarako Presazko Neurrien Legea) babesa eman zioten gerora onartuko zen 1978ko konstituzioari. Ekonomiako eta Ogasun departamentuak 1982an batu zituzten, eta 2000 eta 2004 artean, bereiztuta izan ziren.

PFEZ kanpaina (80ko hamarkada)
1992an Zerga Administrazioko Estatu Agentzia sortu zuten. Erakunde horrek kudeatzen ditu estatu eta aduana zerga sistema edota beste administrazio eta erakunde publikoen —nazionalak nahiz Europar Batasunekoak— baliabideak. Erakunde horren sorrerak zerga jardueraren antolakuntza harmonizatzea dakar, munduko beste lekuetako jarduteko moduekin bat egiteko.
EKONOMIA MINISTERIOAREN JATORRIA
Primo de Riveraren diktaduran, Espainiako industriako eta merkataritzako sarea Europakoarekin eta Amerikakoarekin alderatuta oso ahula zenez, eta, gabeziak zituenez, politika ekonomiko autarkikoa bultzatzeko beharra agertu zen. Lehenengo Mundu Gerraren ondoren, nazioarteko merkatuetako zailtasunen ondorioz, gure herrialdean krisi industrial larria zegoen.
Muga-zergen politika protekzionista
Industriako krisiagatik kaltetutako sektoreek muga-zergen politika protekzionista eskatu zuten herrialdeko ekoizpena atzerrikotik babesteko, eta, era berean, esportazioak errazteko. Nazionalismo ekonomikoan eta muga-zergen protekzionismoan oinarritutako politika autarkikoa hasi zuten. Horren adierazle nagusia «1922ko Cambó muga-zerga» da. Primo de Riveraren diktadurak ezarri zuen. Hala, 1929ko Depresioarekin zapuztu zen nolabaiteko oparoaldi ekonomikoa lortu zuten.
Cambó muga-zerga, 1920tik aurrera, gure merkataritzako balantzaren egoera txarrerako irtenbide teknikoa eta fiskala izan zen. Bi behar kontrajarriri erantzuten dien zerga-mugen politika zen: bat Espainiako ekonomiako hainbat sektore atzerrikoaren aurrean babestea zen, eta, horretarako, nazioarteko sektore homologoek ekoizten zituzten produktuen inportazioei zerga handiak ezartzen zizkieten; bestea esportaziorako nekazaritza babestea zen. Izan ere, sektore horrek atzerrian zuen merkatuaren zati handi bat, eta Espainiako neurrien eragina jasaten zuten herrialdeetako muga-zergen hazkundeak kaltetu egiten zuen. Hori konpontzeko, nazioarteko Merkataritza eta Nabigazio hitzarmenak sinatzen zituzten. Merkataritza trukeak egiten zituzten nazioekin muga-zergen deskontu berezia eta nabarmena adosten zuten. Flores de Lemusek oso argi definitu zuen egoera hura: esportaziorako nekazaritzaren eta babes behar zuen nekazaritzaren eta industriaren artean osagarritasuna zegoen.Baina Estatuak erabiltzen zituen tresnak kontrajarriak ziren, eta horien artean tentsioa sortzen zen.
Diktadura, Errepublika eta Gerra Zibila
1917ko krisiaren ondorio zuzen gisa, Hornidura Ministerioa sortu zuten, Ekonomiako Ministerioaren aurrekari dena; Departamentu zehatz bat sortzeko lehen pausoa Primo de Riveraren diktaduran eman zuten. 1924ko martxoaren 8an, Errege Dekretu bidez, Ekonomia Nazionaleko Batzordea agertu zen.
Batzordearen helburua zen herrialdeko ekoizpeneko eta kontsumoko arazoak aztertzea, muga-zergen tarifak finkatzeko eta Espainiako ekonomiaren errealitaterako egokiak ziren nazioarteko merkataritza-harremanei eusteko modua zehazteko. Hori dela-eta, funtzio nagusiak hauek izan ziren: kanpo merkataritzako eta kabotajeko estatistikak biltzea; Espainian eta nazioartean informazio ekonomikoa eta komertziala lortzea; salgaien balorazio ofiziala ezartzea, horien kostua kontuan izanda; beste muga-zerga batzuk proposatzea eta nomenklaturen eta tarifen berrikusketa. Merkataritzako Itunak proposatzearen ardura ere bazuten. Azkenik, herrialdean presioa egiten zuten taldeak kontrolatzeko eta horien interesak bideratzeko balio zuen: Merkataritzako ganberak eta batzordeak, industria eta nabigazioa, ekoizleen elkarteak, eta mota guztietako elkarte patronalak eta sindikalak.
Batzordea Gobernuko presidentziaren menpe zegoen. Presidentea gobernu burua zen -une horretan Direktorioko presidentea-, eta hura egon ezean, Ogasun ministroa –orduan ez zegoen-. Halere, idazkariordetza askok gai horretako eskumen ugari zituzten: Estatuak, Ogasunak, Sustapenak eta Enpleguak, Merkataritzak eta Industriak; beraz, nolabaiteko eraginkortasuna kentzen zien organo berriaren funtzioei.
1925ean, Direktorioa amaitu zenean, ministerioen erregimena berrezarri zuten, eta baldintzek eraginda, 1928ko azaroaren 3ko (4ko Kazeta) Errege Dekretuaren bidez, Ekonomia Nazionaleko Ministerioa sortu zuten. Iritzi publikoak eskatzen zuen herrialdeko produkzioari, merkataritzari eta kontsumoari dagokienez, ekonomian eragina zuten zerbitzuak zuzendaritza bakarraren esku jartzea. Ordura arte, gainerako departamenduen artean banatuta zeuden gaiak ziren. Ekonomia Nazionalaren Batzordea horren menpe zegoen, nahiz eta aldaketa txiki batzuk zituen. Hala ere, herrialdeko ekonomian eragina zuten sektoreetako errealitateak biltzen eta konparatzen jarraitzen zuen. Hurrengo erakundeek osatzen zuten:
- Sustapen Ministerioak Nekazaritzako Zuzendaritza transferitu zuen; nekazaritzako ganberak kontseilu agronomikoa eta abeltzainen elkartea zein abereen higiene eta osasun zerbitzuak zituen.
- Ministro Kontseiluaren Presidentetzak Ekonomia Nazionaleko Kontseilua eta Muga Zergen eta Balorazioen Zuzendaritza Nagusia transferitu zituen, azken horren burua Batzordeko presidenteordea zen.
- Enplegu eta Gobernazio ministerioek Merkataritzako eta Hornidurako departamentuak transferitu zituzten, eta zuzendaritza nagusi bakarrean bildu zituzten.
- Enplegu Ministerioak Industriako Zuzendaritza Nagusia transferitu zuen, Ingeniari Industrialaren Eskola eta probintzietako ikuskaritzak barne.
Denbora-tarte horretan, egoitza Sustapen Ministerioaren eraikinean bertan egon zen; eraikin hura, gaur egun, Nekazaritza, Arrantza eta Elikadurako egoitza da. Ekonomia Nazionalaren Kontseilua da salbuespena; hura Magdalena kaleko 12. zenbakian zegoen.
Ministerioa 1931ko abenduaren 16ko Dekretuaren ondorioz desagertu zen. Nekazaritza, Industria eta Merkataritza zein Sustapen eta Lan ministerioek hartu zituzten hari zegozkion zerbitzuak. Estatuko Ekonomia Kontseilua Estatuko Ekonomia Kontseilu ordenatzaile bihurtu zen, Industria eta Merkataritza sailaren menpe.
Ogasun Ministerioari dagokion zatian aipatu bezala, Gerra Zibil bete-betean, Errepublikako Gobernuak Ekonomia eta Ogasun Ministerioa eratu zuen Bartzelonan, hasieran, eta Valentzian, gero. Erakunde berriaren titularra Juan Negrín izan zen, Ministro Kontseiluaren presidentea era berean. Ministerioa osatzeko 1937ko maiatzaren 17ko Dekretuaren bidez agindu zuten, eta hilabete bereko 27ko Dekretuak zehaztu zituen haren funtzioak eta egitura.
ERREPUBLIKAKO EKONOMIA ETA OGASUN MINISTERIOA BARTZELONAN.
Gatazka bete-betean, ekonomia arloko politika bateratzeko beharraren ondorioz eratu zuten sail berria. Horrela, ekonomia arloko gaien erregulazioan gertatzen ari zen orientazio nahasia, eta, batzuetan, kontraesankorra amaitu nahi zuten, eta, ordainketarako erabili ohi diren sistemen moduko nazioarteko transakzio komertzialak koordinatuz, Altxor Publikoaren interesak defendatu. Ministerioa bi idazkariordetzen inguruan artikulatu zuten, Ogasun eta Ekonomia idazkariordetzetan, hain zuzen ere. Azken horrek Ekonomia, Hornikuntzak, Merkataritza eta Meategi sailen zuzendaritza nagusiak hartzen zituen barne.
Ekonomia sail espezifikoa 1939an desagertu zen. Hala ere, Frankismo osoan sortutako hainbat organok 1977ko Ekonomia Ministerioaren sorrera eragin zuten, Trantsizio politikoa lortzeko Estatuko Administrazio Orokorraren birmoldaketaren barnean.
AUTARKIA EKONOMIKOTIK HIRUROGEIKO HAMARKADAKO DESARROLLISMORA
Gerra Zibilaren ondorioz herrialdea murgildu zuen egoera katastrofikoak eta Bigarren Mundu Gerrak eragindako nazioarteko merkatuen kolapsoak Estatuko Ekonomia Kontseiluaren sorrera behartu zuten.
Harmonikoki eta koordinatuta, Ministerioko sailek Gobernuaren ildoa jarrai zezaten zaintzen zuen erakunde berriak. Horren araubide juridikoak lanerako, kontsultarako, eta aholkurako erakunde autonomo tekniko izendatu zuen, herrialdeko ekonomiarekin zerikusia zuten edozein alorretan. Gobernuko Presidentetzaren menpe zegoen. Kontseiluaren garrantzia areagotu egin zen, eta Gorteetako, Justizia Auzitegi Goreneko, Erreinuko Kontuetako eta Estatu Kontseiluko buruen garrantzi baliokidea izan zuen Ministerioko presidenteak. Ekonomia arloan izan zuen boterea eta indarra, autarkiarantz bideratua beti, Mugimenduaren Idazkaritza Nagusiarena bezain garrantzitsua izan zen. Azkenean, sailik gabeko ministroaren maila bera izan zuen presidenteak.
Ekonomia arloan, erregimeneko sektore immobilistenarekin izandako loturak haren gainbehera ekarri zuen. Egonkortze Planak kapitalismorantz egindako birak aurrez aurre jarri zuen Ogasun eta Merkataritza ministerioekin, eta, hirurogeiko hamarkadan, garrantzia galtzen hasi zen Estatuko Ekonomia Kontseilua. 1977an desagertu zen, eta Ekonomia Ministerio berriak ordezkatu zuen.
Estatuak garapen ekonomikoan zuen kontrol bera jasan zuten Ekonomia Ministerioaren aurrekari urruntzat jotzen diren beste erakunde batzuek; hala nola, Ekonomiaren Koordinaziorako eta Programaziorako Bulegoa (OCYPE), 1957 eta 1962 artean; eta Ekonomiaren Garapenerako Planaren Komisariotza, 1962 eta 1973 artean. Bi erakundeak Gobernuko Presidentetzaren menpe egon ziren. 1973an, Garapenaren Plangintzarako Ministerioa sortu zuten.
Arias Navarroren gobernuetan, ekonomia arloko kontuen ardura hartzeko Gobernuaren Presidenteordetza eratu zuten, eta Ogasun sailaren titularrak hartu zuen kargua. Kargu berriak Garapenaren Plangintzarako Ministerioa desagertzea ekarri zuen, eta Ekonomia Gaietarako Gobernuaren Ordezko Batzordeari gehitu zitzaion haren Idazkariordetza.
TRANTSIZIOAREN OINARRI EKONOMIKOAK
Herrialdearen historian garrantzi handia izan zuten baldintzetan sortu zen Ekonomia Ministerioa, 1977an.
Trantsizio politiko bete-betean, hazkunde ekonomikorako aukera izan ezean, prozesu konstituzionala asko oztopatu litekeela ikusi zuen Suárezen bigarren Gobernuak. Baldintzak erabat aurkakoak ziren hainbat gertaeraren ondorioz; adibidez, 1973ko petrolio krisiak herrialdean eragindako egoera larria, Erregimeneko azken gobernuek hartutako neurrien eraginkortasun eza; bai eta arazo estalien areagotzea ere: inflazioa, langabezia, kanpo defizita, defizit publikoa, inbertsio falta.
Irtenbide instituzionalek Estatuko Administrazio Nagusia birmoldatzea ekarri zuten, eta, ondorioz, ekonomia gaietarako Gobernuko Bigarren Presidenteordetza eta Ekonomia ministro kargua sortu zituzten, 1977ko apirilaren 4ko errege dekretuen bidez. Horietarako Fuentes Quintana izendatu zuten. Antolakuntza eta plangintza ekonomikoaren arloko konpetentziak sail bakarrean batzeko, eta, Ogasun Ministeriotik aterata, politika ekonomikoari buruzko erabakiak bereizteko erakundea sortu zuten Ekonomia Ministerioarekin. Helburu nagusia: politika ekonomiko orokorraren ildoa eta programazioa epe motzera eta ertainera ezartzea; eta herrialdearen martxa ekonomiko ona bermatzeko beharrezko neurrien proposamenak aztertzea.
Bigarren Presidenteordetza sortu eta bi karguak bakarrean batu izanak ministerio berriaren boterea indartu zuen. Izan ere, titularra egon ezean, Ekonomia Gaietarako Gobernuaren Ordezko Batzordearen presidente, eta Gobernuko presidentearen ordezkari izendatuko zuten titularra. Presidenteordetza eta Ministerio lanak, Ogasun sailarekin batera, Moncloako itunen oinarri ziren. Izan ere, trantsizio politikoari eusteko, eta prozesu konstituzionalaren etorkizuna bermatzeko, beharrezko programazio ekonomikorako tresna ziren. Suárezen azken gobernuan, Ekonomia eta Merkataritza sailak elkartu zituzten.
Felipe Gonzálezen lehen gobernuak egindako erreforma administratiboek Ogasun eta Ekonomia eta Merkataritza sailen fusioa eragin zuten 1982an. Hala, Ekonomia eta Ogasun Ministerioa sortu zen. Erakunde horren lana VII. legealdian soilik eten zen, José María Aznarren gobernupean. Orduan, aurretik esan bezala, Ogasun eta Ekonomia sailak bitan banandu ziren.